×
HILAME. Erdi Aroan bizi izan ziren pertsonen prosoprografia bat.

Datu-base nagusia

Gure lantaldeko dokumentalista eta ikertzaileen lan zainduaren bidez elikatzen da HILAMEren datu-base nagusia. Proiektu metagarria da, datu prosopografiko berriak jasotzen dituena gordetako Erdi Aroko dokumentazioa aztertu ahala.

Ezaugarri horri esker, eremu jakin batean —Kantauri itsasoko ertza— eta aro jakin batean —Erdi Aro berantiarra— dokumentatutako giza unibertsoa aztertzeko aukera eskaintzen zaie erabiltzaileei.

DATU-BASE NAGUSIA

Erabiltzaile afizionatuak

Askatasunez nabigatu ahal izango dute webguneko atal eta emaitzen datu-base guztietan: datu-base nagusian —ikerketak aurrera egin ahala hura elikatzen doazen pertsona guztiak ezagutu eta kokatzeko— eta datu-base sekundarioetan —alderdi partzialak, material osagarriak (adibidez, genealogiak) eta sare sozialak bistaratzeko prototipoa jasotzen dituzte—.

Erabiltzaile aurreratuak

Bilaketa-sistema askotarikoa eskaintzen du datu-base nagusiak.
Bilaketak sinpleak edo konbinatuak izan daitezke. Interes filologikoak dituzten erabiltzaileek bilaketa sinpleak egin ditzakete hitzen edo izenen arabera; halaber, identifikatutako pertsonaien hizkuntza-gaitasunei lotutako faktoideak azter ditzakete.

Historiagileak

Adibidez, jakin ahal izango dute zer indibiduo lotzen zaion iturri jakin bati, leinu bati buruzko informazioa aztertu ahal izango dute eta ikusi ahal izango dute zer pertsonak duen faktoide jakin baten etiketa. Halaber, bilaketa konbinatuak egin ahal izango dituzte datu-basea antolatzen duten irizpide nagusietan oinarrituta: testuinguruak, tokiak, pertsonak, faktoideak, leinuak, iturriak eta kronologia. Informazioa erauzteko erabili diren testuen zatiak dira testuinguruak. Pertsonei lotutako lekuak Google Maps zerbitzuan georreferentziatuta daude.

  • Pertsonak daude aplikazioaren erdigunean, eta zuzenean bila daitezke haien edozein markagailu onomastikoren bitartez.
  • Faktoideak dira gizabanakoa bere testuinguru historikoari eta dokumentalari lotzeko eta interpretatzeko erabili ditugun etiketak.
  • Leinuek gizabanakoak aristokraziako familiei lotzen dizkiete, lotura hori egiaztatzeko datu seguruak ditugun kasuetan.
  • Iturriak dira dokumentazioa erauzteko erabilitako Erdi Aroko lanak edo agiri-bildumak.
  • Kronologiak urte jakin baten edo denbora-tarte baten arabera bilaketak egiteko aukera ematen du.
Ongi ibili miatzen!