Scripta manenteko lan digitala garatzen parte hartu dute, halaber, Ana Isabel Carrasco (UCM), Gonzalo Viñuales (URJC) eta M. Antonietta Russo (UNIPA) irakasleek, Marta Vírseda eta Raúl Villagrasa-Elías doktore berriek eta haiekin batera ikertu zuten UCM, UAM eta UM unibertsitateetako masterretako ikasle batzuek (Beatriz Benito, Celia Castro, Daniel Cristóbal, Cristina Pastor, Graciano León eta Ubaldo Villarejo). Bestalde, diseinuaren eta web-garapenaren eremuko profesionalen talde batek ere parte hartzen du proiektuan, sortu zenetik. Datu-basearen xedeari, ikuspegiari, lantaldeari eta lantzen ari diren emaitzei buruzko xehetasunak eskuragai daude hemen: www.scriptamanent.info
Scripta manenten gogoeta ugari egiten da: zer dagoen nobleziaren artxibo bateko paperak kontserbatzearen atzean eta zer helburu, arrazoi, interes eta motibazio dauden. Helburua da, batez ere, gorde den idazkia sortzen eta haren inguruabarretan zerikusia izan zuten pertsonak nor izan ziren jakitea; hau da, idatzi, sinatu, baliozkotu, irakurri, oharrak idatzi, bete, zuzendu, ordenatu, idazkiak bilatu, mugitu, utzi, manipulatu, faltsifikatu, apurtu, erre, gorde… dituzten horiengan pentsatzea. Laburbilduz, Erdi Aroko diploma bat nork sortzen duen, haietan noren berri jasotzen den eta nork diharduen jakin nahi da. Funtzio ugariko sare sozial balioaniztunak ezartzen dituzten lagun, senide eta basailuen mundu horretan, idazkiek bat egiten dute merkataritzarekin, herentziarekin, jaurerriarekin eta politikarekin; horregatik, historialari sozialak izanik, oinarri horren berri ezagutu nahi dugu.
Scripta manenten eta HILAMEren lankidetzak interes partekatu ugari ekarri dizkigu, bataren eta bestearen ikerketak eta datu-baseak elkartuta, interoperabilitatez jardutea eta osagarriak izatea lortu baita. Testuinguruak, tokiak, pertsonak, faktoideak, erlazioak, iturriak eta kronologia: bi proiektuen intereseko irizpideak dira. www.scriptamanent.info webgunean, diploma osoa eskaintzen da, eta, HILAMEko Scripta manenten, itemetan banatuta.
Bien arteko eztabaida zientifikoa aspaldidanik dator. Izan ere, Cristina Jular Pérez-Alfaro, José Ramón Díaz de Durana eta Arsenio Dacosta ikertzaileek, Agurtzane Pazek eta ikerketa- eta diseinu-taldeetako gainerako kideek argitalpenak, biltzarrak eta lan akademikoak partekatu dituzte, gure ondarearen aprobetxamendua hobetzen duten eta ikerketaren finantzaketa publikoa optimizatzen duten duten egiturak sortzen jarraitzeko.