×
HILAME. Erdi Aroan bizi izan ziren pertsonen prosoprografia bat.

Proiektua

Definizioa

HILAME proiektu zientifiko ireki eta kolaboratibo bat da, eta haren helburua da Erdi Aroko eta Aro Modernoaren hasierako dokumentu-iturrietan jasotako pertsona guztien datu biografikoak biltzea, horren bidez, ahal den neurrian, pertsona horien bizitzak berreraikitzeko.

Azken helburua da hautatutako aldian eta eremuan (hasiera batean, Kantauri itsasoko ertzeko lurraldeak Erdi Aroaren amaieran) eratutako sare sozialak identifikatzea.

De la Lucha de Bandos a la hidalguía universal: transformaciones sociales, políticas e ideológicas en el País Vasco (siglos XIV y XV) (HAR2013-44093-P, (A) Gizartea, boterea eta kultura (XIV.-XVIII. mendeak) Euskal Unibertsitate Sistemako Ikerketa Talde Kontsolidatuarena —IT-896-16— eta Erdi Aroko Landa Eremuko Ikasketen Taldearena —CSIC/EHU—) ikerketa-proiektuaren emaitzen parte izan zen HILAME.

Gaur egun «Violencia y transformaciones sociales en el nordeste de la Corona de Castilla (1200–1525)» proiektuaren (Estatuko Ikerketa Agentzia, MICINN —erref.: PID2021-124356NB-I00—) parte da, zeinaren egile nagusiak José Ramón Díaz de Durana eta Jon Andoni Fernández de Larrea Rojas baitira. EHUren «Gizarteak, prozesuak, kulturak (VIII.-XVIII. mendeak)» ikertaldearen parte ere bada, zeinaren ikertzaile nagusia José Ramón Díaz de Durana eta bigarren ikertzaile nagusia Francesca Tinti baitira. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi du taldearen ikerketa-bikaintasuna, Euskal unibertsitate-sistemako ikertaldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzen 2022-2025 aldirako deialdian (IT 1465-22).

Aurrekariak

Juan Carlos de Guerra genealogista eta heraldista gipuzkoarraren proiektu batean inspiratu zen HILAME. 1930ean, Oñacinos y gamboinos. Rol de banderizos vascos, con la mención de las familias pobladoras de Bilbao en los siglos XIV y XV (Guerra, 1930) obra idatzi zuen, Erdi Aroko erroldetan eta Lope García de Salazarren obra nagusian oinarrituta. Proiektu horren garrantzia kontuan hartuta, kontsulta integratu eta independenteko bigarren mailako datu-base gisa sartu dugu HILAMEn. Handik urte batzuetara, Julio Caro Barojak Proyecto para la elaboración del fichero de Toponimia y Antroponimia vasca medieval (Caro Baroja, 1949) obra argitaratu zuen. Itzeako jakintsuaren beste hainbat proiektu bezala, hura ere ez zen amaitu, baina ahalegin esanguratsuak egin dira ordudanik. Adibidez, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak lan-ildo hori bultzatu du Onomasticon Vasconiae bilduman eta Euskal Onomastikaren Datutegian (EODA). Euskarazko pertsona-izen, deitura, toponimo eta exonimoak barne hartzen dira nomenklator horretan. Joan den mendeko azken bosturtekoan, Ángeles Líbano Zumalacárregui lankidetzan aritu zen erakunde horrekin, Caro Barojan eta García de Cortázar irakaslean inspiratuta, besteak beste. Toponimia Medieval en el País Vasco (Líbano Zumalacárregui, 1995-2000) obra bikaina izan zen lan horren emaitza, zeina Euskaltzaindiaren datu-baseetan irauli baitzen. Proiektu horren ondoren Corpus On-Line de Vasconia argitaratu zuen Ángeles Líbanok («Gizartea, boterea, kultura» gure lehen ikertaldeko kidea).

Ereduak

HILAME diseinatzeko, nazioarteko zenbait datu-base prosopografikoren azterketa batean oinarritu gara (Dacosta eta Díaz de Durana, 2016). Badaude beste proiektu batzuk ere, baina Erdi Aroari dagozkion eta doako kontsulta-interfaze publikoa gehien garatu dutenetan jarri dugu arreta:

Azken hirurak, King´s College Londoneko eta Britainia Handiko beste erakunde zientifiko batzuetako ikertzaileek garatuak, inspirazio-iturri handiak izan dira guretzat; bereziki, faktoidearen kontzeptua erabili eta garatzen dutelako.

Metodologia

HILAMEk zenbait ikuspegi metodologiko erabiltzen ditu. Ikuspegi global batetik, ikerketa historikoaren prozesua (datu-baseen funtzionalitateetatik harago) ekoinformatika-prozesu batean integratu nahi da, berrikuntzak eginez datu-tratamenduan eta design thinking erabiliz.

Datu-prozesatzeari dagokionez, informazioa bi kontzeptu hauetan oinarrituta kudeatzen da: testuingurua eta faktoidea.

Testuingurua da Erdi Aro berantiarreko iturri idatzi batean agertzen den eta informazio jakin bat jasotzen duen testu-zatia. Hizkuntzalaritzaren eta literaturaren alorreko datu-baseetan (adibidez, Corpus Diacrónico del Español (CORDE)) nahitaez erabili behar da. Gure proiektuan ere hala gertatzen da: lehenik eta behin, gordetako testuan jasotako moduan ematen diolako ikertzaileari prozesatu behar duen informazioa; bigarrenik, beste ikertzaile eta erabiltzaile batzuei aukera ematen dielako prozesatutako informazioa jatorrizko testuinguruan egiaztatzeko.

Faktoidearen kontzeptua Dion Smythe egileak sartu zuen Prosopography of the Byzantine Empire (PBE) lanean (PBWn lanean eman zion jarraipena), eta hau esan nahi du: “an assertion about an individual in a source, presented in the source as true. Rather than struggling over terminology and whether these assertions were true (for what after all is truth?) and therefore `facts, this allowed us to record factoids from the sources without establishing their positivist truth” (Smythe, 2007: 130).

“Faktoide” terminoak, aseptikoa izan nahi duen arren, indibiduo bati buruzko Erdi Aroko testigantzetan agertzen diren informazioak kategorizatzea dakar berekin. Informazioa normalizatzea ere eragiten du (adibidez, hizkuntzalaritzaren ikuspuntutik eta etiketa informatikoak jartzeko). Eskakizun handiko lana da eta, neurri handi batean, ikertzaileek (prosopographerek) hartzen dituzten erabakien mende dago (Tinti, 2003).

Estrategia

Proiektua lau fasetan diseinatu da: lehen fasean (orain gauden fasea), datu-basea eta informazio- eta zerbitzu-ataria inplementatu nahi dira, lurralde bakar bateko informazioa aintzat hartuta: Bizkaiko Jaurerria. Bigarren fasean, gaur egungo Euskadi osatzen duten gainerako lurraldeetara zabalduko da lana. Hirugarren fasean, Kantauri itsasoko lurraldeetara (barne dela Nafarroako erresuma) zabalduko dira informazio-lanak. Azkenik, penintsulako eta penintsulaz kanpoko beste lurralde batzuetara zabalduko da proiektua.

Hasita gaude beste lurralde eta eduki batzuekiko interakzioa aztertzen; zehazki, Gaztelako Koroan —toki-eremuan eta eskualdeartean— garrantzia izan zuten leinuei (Belaskotarrak eta haien bezeroak) dagozkienekin.

Etika: humanitate digitalak bateratzea

Humanitate Digitalen alorrean garatzen ari diren beste proiektu batzuekin bat egin nahi du HILAME proiektuak. Duela gutxi Benoît Cursentek (2008: 85) adierazi zuenez, “gaur egun ia ikertzaileak adina datu-base informatiko daude, baina oso proiektu kolektibo gutxi sortu da oraingoz”. Bada, diagnostiko sinple hori kontuan hartuta, gainditu egin behar ditugu gure errezeloak (“rightly jealous of their information”, salatu zuen Hélène Milletek, 1987: 66) eta Bruno Boutek umorez “me and my database syndrome” deritzona (2002: 35). Bat gatoz Christophe Charlerekin, zeinak proposatu baitzuen prosopografia bakoitzak —datu-base bakoitzak— “le maillon de une chaîne cumulative” (1985: 242) izateko helburua eduki behar zuela. Erronka teknikoak alde batera utzita, mota horretako sare batek egiteko modukoa eta egin beharrekoa dirudi. Gainera, beharrezkoa da: azken finean, proiektu hau eta haren antzekoak —salbuespenak salbuespen— unibertsitateko langileen lanari eta funts publikoen finantzaketari esker elikatzen dira.

2019an hasi genuen bateratze-lan hori; dagoeneko iragarrita dago (Dacosta eta Jular, 2020), eta Cristina Jular Pérez-Alfarok gauzatu du Scripta manent obrarekin (CSICek zuzendua eta Ikerketa Plan Nazionalak finantzatua). Bat-egite horren oinarri materialak dira, alde batetik, Nobleziaren Artxibo Historikoko (Jular, 2018) diploma argitaragabe batzuetatik informazio prosopografikoa erauztea eta, beste alde batetik, datuak iraultzeko protokolo berriekin esperimentatzea.

HILAMEk modu aktiboan parte hartzen du Humanidades En Común. dispositivo colaborativo de ciencia abierta ikerketa-proiektuen kontzentratzailean: 2023an sortu zen, beren datu-base erlazionalek interoperabilitatea izatea nahi duten pertsonek eta taldeek bateratze-lan horretan aurrera egiteko. Giza baliabideak eta baliabide teknikoak batuta, beren jarduera akademikoen, dibulgazio zientifikoaren eta ezagutza-transferentziaren komunikazioa areagotzen dute.

Aipatutako bibliografia

Boute, Bruno (2002): “Towards more uniform database structures for prosopographical research: work in progress in University history – the example of the Lovanienses Database”. En K.S.B. Keats-Rohan (ed.). Resourcing Sources. The Use of Computers in Developing Prosopographical Methodology. Oxford: University of Oxford, 35-48.

Caro Baroja, Julio (1949): “Proyecto para la elaboración del fichero de Toponimia y Antroponimia vasca medieval”. Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 5: 381-385.

Cursente, Benoît (2008): “Tendencias recientes de la historia rural de la Francia Medieval”. En Alfonso, Isabel (ed.). La historia rural de las sociedades medievales europeas: Tendencias y perspectivas. Valencia: P.U.V., 65-96.

Charle, Christophe (1985): “Problèmes de traitement informatique d’une enquête sur trois élites en 1901. En Millet, Hélène (ed.). Informatique et prosopographie. París: CNRS, 233-246.

Dacosta, Arsenio; Díaz de Durana, José Ramón (2016): “Prosopografía y bases de datos. Desafíos teóricos y metodológicos para el estudio de la Edad Media”. En Carrasco Manchado, Ana Isabel (ed). El Historiador frente a las palabras. Lugo: Editorial Axac, en prensa.

Dacosta, Arsenio; Jular, Teresa (2018): “Hidalgos en la escalera del diseño”, en A. Dacosta, C. Jular y J. R. Díaz de Durana (eds.). Hidalgos e hidalguía en la Península Ibérica (siglos XIIXV). Madrid: Marcial Pons, 429-446.

Dacosta, Arsenio; Jular, Teresa (2020): “HILAME ante los desafíos de las humanidades digitales: convergencia e interoperabilidad”, en Sandra de la Torre, Ekaitz Etxeberria y José Ramón Díaz de Durana (eds.).Valer más en la tierra. Poder, violencia y linaje en el País Vasco bajomedieval. Madrid: Sílex, 85-97.

Guerra, Juan Carlos de (1930): Oñacinos y gamboinos. Rol de banderizos vascos, con la mención de las familias pobladoras de Bilbao en los siglos XIV y XV. San Sebastián: Baroja.

Jular, Cristina (2018): “¿Hidalgos libres, hidalgos acostados? Entre padrones, memoriales y matrículas: el registro señorial de la hidalguía”, en A. Dacosta, C. Jular y J. R. Díaz de Durana (eds.). Hidalgos e hidalguía en la Península Ibérica (siglos XIIXV). Madrid: Marcial Pons, 89-128.

Jular, Teresa; Dacosta, Arsenio (2018): “HILAME (Hidalgos, Labradoras, Mercaderes): procesamiento y visualización de datos prosopográficos’, en Humanidades Digitales. Miradas hacia la Edad Media, Berlin, Boston, De Gruyter, 79-89.

Líbano Zumalacárregui, Mª Ángeles (1995-2000): Toponimia Medieval en el País Vasco. Bilbao: Euskaltzaindia, 1995-2000, 4 vols.

Millet, Hélène (1987): “From sources to data. The construction of a prosopographical data-bank”. En Denley, Peter; Hopkin, Deian (eds.). History and computing. Manchester: Manchester University Press, 63-67.

Smythe, Dion C. (2007): “`A Whiter Shade of Pale: Issues and Possibilities in Prosopography”. En Keats-Rohan, Katharine S.B. (ed.). Prosopography Approaches and Applications: A Handbook. Oxford: University of Oxford, 127-137.

Tinti, Francesca (2003): “Facing Factoids”. Paper presentado en el King’s College London, Second PASE Colloquium, 26 April 2003. Web-egoitza honetan bertan eskuragarri.

HILAMEren helburua da, halaber, baliabideen eta informazioaren zerbitzaria izatea ingurune digital batean eta eztabaidara eta ikerketara irekitako foro gisa aritzea humanitate digitalen alorrean.